XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kepa bilera batetara joan zenean, eta Koldo ez zela agertzen ikustean zerbait susmatu zuen.

Orduan, alde zaharreko ostatura joatea erabaki zuen eta bertakoek esan zioten bazegoela Koldok, alde egin aurretik, berarentzat utzitako mezua: hala jakin zuen Kepak seguru asko ez zuela bere lagun haundia zen Koldo berriz gehiago ikusiko.

Kepa eta honen familia ez zeuden lasai Bilbon, baina ezta beste asko baino okerrago ere.

Dokumentazio faltsua lortua zuen Kepak eta usualki etxean ematen zituzten ordu luzeenak, inora irten gabe, soilik beharrezkoa eta ezinbestezkoa zenean ateratzen bait zen kalera Kepa.

Bere eta emaztearen zereginik larrienetako bat, etxean orduak eta orduak zeudelarik, semetxoa zaintzen izango zen.

Teresari lasaigarri eta gustoko ohitura zitzaion egunero otoitzak egitea umetxoa gaixotu ez zekion, beste nahikotxok bezala gaitz txar batek jota, edota goseak berak harrapaturik, hil ez zedin gizajoa (bi iloba gazte tisisak jota hil berri zitzaizkion).

Etxe barruan ezkutaturik zegoela Kepak arratsalde eta iluntze etengabeak ematen zituen irratigailu nimiño baten aurrean: gerrako parteak ez ziren batere kontsolagarriak azkenaldi hartan.

Gauero gauero gauza bera zetorkion burura irratia amatatzerakoan: ez zela posible irratian entzundako dena egia izatea; arerioaren gezur zikinak besterik ez zirela izanen, eta egia izanda ere, haundituak eta itxuratuak ziratekeela seguru asko jendea izutzeko, euskaldunak etsiarazteko.

Halako batean aditu zuen azken albistea, aspalditikan espero baina entzun nahi ez zuena: Santander-eko hiria hartua izan zelako notizia jakin zuen, irratikoak zioenez, komunisten hatzaparretatik liberatua izan zelakoa, alegia.

Abuztuaren hogeitaseia, ostegun hura ez zitzaien erraz ahaztuko Kepa eta emazteari.

Bazetorren notizia Jaurlaritzak, Santander utzita, itxasoz alde egin behar izan zuela, nola edo hala.

Ezkorrenek ziotenez, orduantxe bertatik hasiko omen zen euskaldun guztien txikizioa orain erabat hartuak, nazionalen hatzaparretan ihesbiderik gabe zeudelarik.

Bizimodu klandestinoa, nahiko ezkutupekoa zeramaten biek.

Teresak ilea aldatu eta tindatu egin zuen, orain itxuraz emakume edadetuago bat ematen zuela.

Kepak berriz, ilea moztu eta bibote mehe, fin luzeska utzi zuen hazten.

Etxetik ahalik eta gutxien irtetzen ziren: Teresa ia inoiz, lor zitezkeen jaki apurrak bilatzera soilik. Kepa, gehixeago.

Behin, arratsalde batez, inoiz baino urduriago iritsi zen etxera: lortu berria zuen kontakto batek adierazi zionez handik aste pare batetara beste norbaitekin helduko ziren notizi berriak jasoko zituen, seguru aski berarentzako agindu berri batzuekin.

Ordurako prest zegoen edozertarako, ez bait zen ongi aurkitzen zalantzazko egoera artegatsu hartan.